XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hasi bezain laster, nerbioen menpe, negarrez hasi zen gaixoa, eta malkoak masailetan behera zituela, mukiei zintz eginez segitu zuen, Txintxetak gelditzeko agindu zion arte.

- Nahikoa da, Garbiñe, oso ondo.

- Salbatu duzu asignatura hau, beste batzuek ez bezala.

Garaipenezko irribarre nazkagarri bat zeukan Txintxetak aho okertuan.

Oso ondo konturatzen zen, eta gu ere bai, lehengo grebarena bueltatu zigula, eta bera zela berriro ere nagusi.

Oraingoz.

Atsedenaldiaren zain geratu behar izan genuen ezer komentatzerako.

Han geunden denak bildurik, lehen bezala, baina orain gure animoak ez zuen aurrekoaren antzik: pott eginda sentitzen ginen, abailduta, garaituta.

Gure egoeraren irudirik onena Garbiñek ematen zuen: txoko batean baztertuta, lurrera begira, lagunekin elkartzera ere ausartzen ez zela.

Panda, gainera, gertatutakoa kontatu ziotenean, haren kontra oldartu zen:

- Zer egiten du hemen?

- Joan dadila patiora.

- Edo, hobeto oraindik, joan dadila irakasleen gelara Txintxetarekin hitz egitera, ea ongi baten ordez bikain jartzen dion.

- Ez duzu eskubiderik hori esateko erantzun zion Aurkeznek.

- Paretaren kontra jarri du Txintxetak eta ez du jakin nola irten.